lunes, 26 de septiembre de 2016

Arnaldo Otegik euskal sindikatuen babesa lortzea ezinbestekotzat ikusten du


2016/09/26 Ibai Cosgaya Prieto

Arratsaldeko 7etan hasi da EH Bilduren “mitin-jaia” Barakaldoko Herriko Plazan, dezenaka pertsonaren aurrean. Arnaldo Otegik, EH Bilduren bozeramaileak, gehiengo sindikala eskuratzea gai garrantzitsua dela azpimarratu du. “ELA eta LAB sindikatuak alde batera utzita, ezinezkoa izango da lanpostuen galera eta lan prekarietatearekin amaitzea”, gehitu du. Ildo horri jarraituz, EAJ-ren jarrera gogor krikatu du, esanez estatu-mailako CCOO eta UGT sindikatuekin hitzarmenak adostea lanpostuen galera ekarriko duela.

2008tik gaur egunera 75.000 enplegu publiko Euskal Herrian galdu izatearen ondorioa aditzera eman du Otegik: “Honek milaka gazteren deserrotzea ekarri du, beraien aberritik alde egin dutelako etorkizun hobeago baten bila”. Era berean, gizartea beste modu batean antolatzeko deia egin du EH Bilduren bozeramaileak Espainiako Gobernuak krisi finantziarioa hastearen errua langileei egotzi zielako beren aukera ekonomikoetatik gora bizi izanagatik. Euskal Hauteskundeei begira argi utzi du Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan independentziaren aldeko apustua ikusi egingo dela.

Benetako lehendakaria
Harrera beroa izan du Jasone Agirrek, Bizkaiko Hautagai Buruak, zeinak Periko Solabarriaren irudia mirestu egin duen: “Gizarte honek Periko Solabarria bezalako jende ederra behar du; solidarioa eta inoiz amore ematen ez duen horietakoa”. Lehendakari bat egotekotan, bera izan beharko litzatekeela aipatu du Agirrek, “herri honen alde egin duen guztiagatik”. Gainera, EH Bildu “gogor, tinko, indartsu eta elegante gora doan indarra” dela nabarmendu du.


Iturria: norberak egina

   
Iturria: Euskal Herria Bildu

No hay comentarios:

Publicar un comentario